Ohiko galderak

Fisioterapiari buruzko ohiko zalantzak argitzen ditugu, eta baita Zutik Fisioterapian (Oñati) nola lan egiten dugun ere.

Noiz joan behar dut fisioterapeutarengana eta ez itxaron mina bere kabuz desagertu arte?
Honako kasu hauetan jo dezakezu fisioterapeuta batengana: minak aste bete baino gehiago irauten duenean, norberaren egunerokotasuna mugatzen duenean edota behin eta berriz agertzen denean, bereziki esfortzu bat burutzerako orduan. Esku-hartze goiztiarrak mina kronifikatzeko arriskua murrizten du, bereziki, bizkarreko arazoetan, muskulu-lesioetan eta tendinopatietan.
Beharrezkoa al da diagnostiko mediku bat izatea fisioterapia saiora joan aurretik?
Ez da beharrezkoa, zuzean jo dezakezu fisioterapia zerbitzura. Fisioterapeutak balorazio funtzional osoa egiten du, eta balorazio medikoa behar duten zeinuak antzemanez gero, pazientea dagokion profesionalarengana bideratzen du.
Zenbat fisioterapia saio behar izaten dira normalean?
Tratamenduaren iraupena lesio motaren, larritasunaren eta bilakaera-denboraren araberakoa da. Lesio arinak saio gutxi batzuk eginda hobetu daitezke. Kasu kroniko edo konplexuetan, aldiz, tratamendu luze eta progresiboago bat behar izaten da.
Normala al da fisioterapia saio baten ondoren mina sentitzea?
Ez da beharrezkoa fisioterapia tratamendua mingarria izatea eraginkorra izan dadin. Intentsitatea beti pazientearen egoerara egokitzen da. Hala ere, posible da tratamendu saioaren osteko 24-48 orduetan, molestia arin bat edo giharretako zurruntasuna agertzea, batez ere fisioterapia inbaditzaileko teknikak erabiltzen diren kasuetan.
Zer desberdintasun dago masaje baten eta fisioterapia tratamendu baten artean?
Masajea, fisioterapiako tratamendu batean erabiltzen den tekniketako bat da. Fisioterapiak balorazio klinikoa, diagnostiko funtzionala, tratamendu-plan pertsonalizatua eta jarraipena barne hartzen ditu. Egindako tratamenduaren helburuak, sintomak arintzeaz gain, funtzioa hobetu eta berrerorketak saihestea izango dira.
Ekografiak diagnostikoa hobetzen al du fisioterapian?
Ekografia muskulu-eskeletikoak muskuluak, tendoiak eta lotailuak denbora errealean ikusteko aukera ematen du. Honekin, lesioaren inguruko informazio zehatzago bat izango dugu, honen arabera, tratamendurik eraginkorrena aukeratu ahal izateko.
Zer da tendinopatia baten aurrean egin beharrekoa: atseden hartu ala aktibo mantendu?
Tendinopatien kasuan atseden absolutua ez da eraginkorra izaten. Tendinopatiek karga progresibo eta kontrolatuari hobeto erantzuten diote. Beraz, atseden hartu beharrean, gure entrenamendu kargak lesiora egokitzea izango da tratamenduaren oinarria.
Fisioterapiak bizkarreko arazo kronikoak hobetzeko balio al du?
Bai. Lepo edo gerri aldeko min kronikoak minaren heziketa, terapia manuala eta ariketa terapeutiko pertsonalizatua konbinatuz hobetu daitezke. Tratamenduaren helburua mindutako gunearen mugikortasuna eta indarra hobetzea izango da.
Zein kasutan erabiltzen dira fisioterapia inbaditzaileko teknikak?
Ohiko tratamenduei erantzuten ez dioten lesioak daudenean edota ehunaren estimulazio zehatzago bat behar denean erabiltzen dira, beti ere, beste teknika batzuekin konbinatuz.
Gomendagarria al da minik gabe, prebentzio gisa, fisioterapia saioetara joatea?
Oso gomendagarria izan daiteke kirola maiz egiten duten pertsonentzat, aurretiko lesioak izan dituztenentzat edota lan errepikakorrak zein sedentarioak dituztenentzat. Ariketa eta kargen kontrolean oinarritutako tratamenduek mugikortasuna mantentzen eta etorkizuneko lesioen arriskua murrizten laguntzen dute.